EiTBk jakitera eman du Go!azen telesailak 11. denboraldia izango duela, eta aurki hasiko dela errodajea. Sasoi berrian Mintzanet egitasmoan ezagun dugun kide batek parte hartuko du, Garazi Urkola (Amasa-Villabona, 1998) bidelagunak hain zuzen ere.
Mintzanet bere ahotan atalean adierazi zigunez, unibertsitate garaian, ikaskideek “erdi-brometan” haien mintzalagun izan zedin eskatzen zioten eta kuriositateak jota euskara lantzeko ekimenak bilatzen hasi zen Interneten. “Aspalditik entzuna nuen mintzalagun proposamena eta banekien euskara lantzeko ekimen bat zela baina ez nekien oso ongi nola funtzionatzen zuen, ezta edonork parte har zezakeen ala ez”.
Bada, Mintzanet egitasmoarekin egin zuen topo, eta izena ematea erabaki zuen. “Euskarazko klaseak emateak asko erakartzen nau, beraz, aukera aproposa iruditu zitzaidan hizkuntza partekatzeko, beste bati bidean laguntzeko, eta bide batez, euskara ikasten ari den pertsona batek izan ditzakeen beharrak eta zailtasunak gertutik ezagutzeko”.
Antzezle eta musikari dugu gazte billabonatarra, baita zinema aktore ere. Besteak beste, Pablo Agüero zinemagile argentinarrak zuzendutako eta Donostia Zinemaldian estreinatutako Akelarre filmean parte hartu du. Berriki, Audiogile Berriak egitasmoan bigarren gelditu da.