Iñaki Aizpurua, bidelaguna: “Nork daki lagun berri bat izateko aukera ez ote digun emango?”

Iñaki Aizpurua (Donostia, 1956) diseinu teknikaria da, nahiz eta orain erretiratuta dagoen. Usurbilen bizi da eta egun, bere denbora librea, besteak beste, euskara praktikatzen laguntzen igarotzen du. “Euskaldun berriei hizkuntza menderatzeko baliagarri zaien neurrian, oso egokia iruditzen zait Mintzanet”, azaldu du Iñakik.

Une honetan, Bizkaiko emakume batekin egiten ditu saioak. “Nahiz eta astean ordu erdiko tarteak hitzartu genituen, gehienetan ordubete pasatxokoak egiten ditugu. Orain arte ez ditugu saio asko egin eta beraz, bion arteko harremana oraindik ez da oso estua.  Baina elkar ezagutzen ari gara, bakoitzaren ingurukoaren berri izaten eta atsegin ditugun gauzak zein diren kontatzen diogu elkarri”, esan du bidelagunak.

Zentzu  honetan, “edozein harremanetan bezala”, Iñakik beste pertsona bat ezagutzeak ematen duena eskertzen dio proiektuari: “Entzun, hitz egiten, bizipen eta gauza askori buruz ditugun iritziak eta ikuspegiak eztabaidatu… Nork daki lagun berri bat izateko aukera ez ote digun emango?”.

Eta noski, horrez gain, beste pertsona bat laguntzen du bidelagunak: “Euskaraz aritzeko behar duen bultzadatxoa ematen diozu. Azken finean, euskara euskaldun egiten gaituena da. Hizkuntzaren bidez gure arteko harremanak gauzatu eta gure ikusmoldeak eta pentsamenduak besteei adierazteko behar den bitartekoa da. Hitz batean, Euskal Herria egiten gaituena”.

Iñaki Aizpurua, bidelaguna
Iñaki Aizpurua, bidelaguna

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude