Abuztuaren 1etik 12ra bitartean, María José Vallina Rosell bidelaria Lazkaoko Maizpide barnetegian izan dugu. C1 maila gainditzeko ikastaroan izena eman, eta astelehenetik larunbatera izan ditu eskolak. Egonaldia bukatuta, poz-pozik jarri da Mintzaneteko koordinatzaileokin harremanetan, eta zera aitortu digu: “Bizipen interesgarria izan da, zinez gomendagarria”.
Eskola orduez gain, dibertitzeko tartea ere izan dute. Adibidez, igandean, Segurara txangoa antolatu zutela esan digu, eta ikastaroa bukatu bezperan, aldiz, ikaskide guztiak Itxurrene jatetxean elkartu zirela, afaltzeko eta elkarri agur esateko.
Lazkaoko Maizpide barnetegian eman dituen egunetan argazkiak atera eta atera ere aritu da María José, eta Mintzanet egitasmoko kide guztiekin partekatzeko asmoz bidali dizkigu.
Eskerrik asko!