Ostegunero elkartzen dira Mintzanet egitasmoko bidelagun eta bidelariak euskara praktikatzeko asmoz, herrian. Berriketari ekiten diote, gogotsu, Joserra Onandia lagunak aipatu bezala, hori baita beraien helburua: “Beste ikaskide eta euskaldun batzuk ezagutu, euskaraz normaltasunez praktikatu, gustura abestu eta giro ederra sortu”.
Iragan astean bisita berezi bat izan zuten. Koronabirusak eragindako azken olatuaren ondorioz, Amaia Zalbideak ezin izan zuen Getxora itzuli, baina egoera lasaitu dela aprobetxatuz, otsailean egin du bizitoki duen Paristik herrikideak ikusteko bidaia. Bidelaria da Mintzaneten, eta bi bidelagunekin aritzen da astero: Floridan bizi den Pedro Mari Sarduyrekin bizkaieraz aritzen da; Onandiarekin, aldiz, batua lantzen du.
Hamaika lagun elkartu ziren Bidebitarte txokoan Zalbidearen etorrera ospatu nahian, eta Egizu Getxo Euskaldun elkarteko kideak zein Berbalagun taldekoak ere gehitu zitzaizkien. Elkarrekin afaria prestatu, eta kozinatutakoa jateko prest bildu ziren mahaiaren bueltan: muskuiluak saltsa gorrian eta baratxuri-berdeak ganbekin, aurrena; baratxuri-zopa, antxumea labean eta patatak frijituak, hurrena; eta postrerako, ogi-tostadak eta jogurtak.
Afalostean, zenbait abesbatzetako kideak bertan zeudela jakinda, kantatzeari ekin zioten. Arratsalde-gau pasa zoragarria bizi zutela aitortu digu Onandiak: “Afariak arrakasta izan zuen, giro alai eta atsegina izan genuen. Euskaraz aritu ginen une guztietan, eta hainbat euskaldun ezagutu eta adiskide bihurtzeko aukera izan genuen”.