Rafa Retegi Igantzikoa da eta 52 urte ditu. Beran egiten du lan, fabrika batean eta Euskadi Irratian izan omen zuen Mintzaneten berri: “Proiektuko kide bat entzun nuen irratian, eta, hagitz polita eta interesgarria iruditu zitzaidan, batik bat mintza praktika behar dutenentzat”.
Etxean euskaraz hitz egin du txikitatik Igantzikoak: “Niretzat altxor bat da euskara eta egitasmo honekin bidelariei izugarrizko laguntza ematen diegu”. Gainera, aunitz eskertzen dutela kontatu digu.
Bere kasuan, bidelaria Alfredo Laborde Argentinako Tres Arroyosen bizi dena da eta “izugarrizko gogoa erakusten du eta horretan ari da, ikasten”, kontatu digu Rafak. Gainera, datorren urtean Euskal Herrira etorri nahi du, oraindik ez baitu ezagutzen. Beraien arteko harremana estua da eta saioak egiteaz gain, facebook bidez ere hitz egiten dute.