2025ean ere, uztailaren 1etik 31ra bitartean 127 gaztek Euskal Herria zeharkatzeko aukera izango dute, oinez eta euskaraz. Seigarren edizioa izango du EuskarAbentura Espedizioak; zazpi lurralde euskaldunetatik zein diasporatik datozen herritarrei dago zuzenduta.
Parte hartu nahi duten 15 eta 17 urte bitarteko gazteek bi modutara aurkez ditzakete hautagaitzak, martxoaren 5a baino lehen. Batetik, espedizioaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxan inskribatu beharko dira. Bertan hautagaiaren eta tutore/gurasoen datuak bete ondoren jarraian azaltzen diren bi dokumentu hauen esteka txertatu beharko da: aurkezpen bideo bat eta proiektu bat (gaiak: beldurra, gizarte indibidualista ala kolektibista? eta klima aldaketa).
Hain zuzen ere, hautagai bakoitzak banakako proiektu edo lan bat egin beharko du. Proiektu hori egiteko sei formatu ezberdin daude aukeran, horietako batean proposatzen dizkizugun hiru gaietako bat jorratu beharko dute.
Bestetik, Gaztea Irratiarekin elkarlanean antolatutako Zi-Za lehiaketa bidez parte hartu daiteke. Kasu honetan, bideo bat sortu beharko da: bidalitako bideo guztien artetik 6 edo 9 izango dira bozketa fasera iritsiko direnak eta bideo horien egileak jakinaren gainean egongo dira. Aukeratutako bideoak urtarrilaren 15etik 22ra arte GAZTEA-ko webgunean egongo dira bozkak lortu ahal izateko eta zuen bideoei bozkak eman nahi dizkietenak GAZTEAko webgunean erregistratu behar izango dira.
Informazio osagarria, jarraian.