Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Bezalako
Gaztelaniaren eraginez, «bezala» eta «bezalako» konparazioetatik atera eta beste eremu batzuetara eraman ditugu. Orain ez da arraroa izaten «bezalako» zerrendei bide egiten aurkitzea euskarazko testuetan.
• Bilboko udal haztegietan haritza, pagoa eta artea bezalako zuhaitzak landatzen hasi dira.
Zerrendak aurkezteko, euskaraz beste baliabide batzuk ditugu: «hala nola», «eta beste hainbat»…
• trakets: Bilboko udal haztegietan haritza, pagoa eta artea bezalako zuhaitzak landatzen hasi dira.
o hobeto: Bilboko udal haztegietan zuhaitzak landatzen hasi dira, hala nola, haritza, pagoa eta artea.
• trakets: Gabonetan legatza eta arkumea bezalako produktuak garestitu egiten dira.
o hobeto: Gabonetan legatza, arkumea eta horrelako produktuak garestitu egiten dira.
• trakets: Festaroa kantaldian azken hogei urteetan ezagun egin zaizkigun Imanol eta Niko Etxart bezalako abeslariak elkartu ziren.
o hobeto: Festaroa kantaldian azken hogei urteetan ezagun egin zaizkigun abeslariak elkartu ziren: Imanol, Niko Etxart eta beste asko.
Eider Santisteban, Gontzal Fontecilla