Elva Franco, bidelaria eta bidelaguna: “Lekeitiora bizitzera etorri nintzenean, herrikoentzat euskara identitatearen gauzarik garrantzitsuena zela konturatu nintzen”

Duela zenbait egun jakin berri dugu Mintzanet egitasmoan bidelari eta bidelagun izandako Elva Francok (Madril, 1962-2020) utzi egin gaituela. Huescan jaio zen, kasualitatez, bere ama oporretan han zegoelako; baina Madrilekoa sentitu izan da beti.

1991n Eusko Jaurlaritzarako oposizio bat prestatu zuen, eta Lekeitiora joan zen bizitzera. Han AEKn eman zuen izena, eta C1a lortu arte “bide luze” bat egin zuela adierazi zigun: “Herrikoentzat euskara oso garrantzitsua zela ikusi nuen, identitatearen gauzarik garrantzitsuena”. Euskara hizkuntza “arraroa” dela zioen, “kanpotik ikusita, behintzat”. Baina, ikastea oso “polita” izan zela aitortu zigun.

Madrilen zela, Internet bidez izan zuen Mintzaneten berri, “C1 azterketarako ahozkoa prestatzen ari nintzela”, eta ekimen “oso interesgarria” dela azpimarratu zigun. Izan ere, bera Mintzaneten bidelari gisa hasi zen, eta bidelaguna bilakatu zen gerora. Xavier Campillo (Berga, Katalunia, 1962) bidelariarekin aritu izan da solasean, astero ordubetez, eta “oso pertsona atsegina eta interesgarria” zela zioen: “Ikasteko gogo handia du”.

Elva Kataluniara joatekoa zela esan digu Campillok, eta aurrez aurre elkar ezagutzeko aprobetxatuko zutela madrildarraren bidaia. Baina tristuraz jaso du berria, eta hitz eder hauek eskainiz agurtu nahi izan du Elva: “Oso azkar gertatu da dena, eta ez dut albisteari aurre egiteko tarterik izan… Uda baino lehen Elvak bere proiektuei buruz hitz egin zidan bizitasunez, bere liburuei buruz, Lekeition duen Santa Liestra etxeari buruz… Hain zuzen ere, nire oroimenean bizirik jarraitzen du”.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude