Irailak 4-bmi-mintzanet

Ernest Hemingway [Bost minutuko ikastaroa]

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Elkarrizketa

Idaztea zure bizio nagusia eta plazer handiena bihurtu bada, soilik heriotzak eten dezake.

“The Paris Review” aldizkariari elkarrizketa zoragarri honetan literaturarekiko bere maitasuna deklaratu eta hiru urtera hil zen Ernest Hemingway, literaturari bizitzaren indarra eman eta oraindik bizirik dagoen literatura iraungiezin bat egin zuen idazle kolosala.

George Plimpton: Idazten ematen dituzun orduak atseginak al dira?

Ernest Hemingway: Oso atseginak.

George Plimpton: Zerbait esan dezakezu prozesu honetaz? Noiz egiten duzu lan? Ordutegi zorrotza duzu?

Ernest Hemingway: Liburu edo ipuin batean lanean ari naizenean, goizero idazten dut eguna argitzen denetik ahal bezain laster. Inork ez dit enbarazurik egiten, hozkirria egiten du edo hotza, eta lanean hasi eta idazten joan ahala berotzen naiz. Idatzitakoa irakurtzen dut, eta ondoren zer gertatuko den dakidanean gelditzen naizenez beti, hortik aurrera idazten dut. Idazten dut oraindik barruan erregaia dudan leku batera iritsi arte eta hurrena zer gertatuko den dakidan arte. Orduan, gelditu eta hurrengo egunera arte bizitzen saiatzen naiz, berriro ekiten diodan arte. Goizeko seietan hasi naiz, eta eguerdira arte jarraitu dezaket edo lehenago amaitu. Gelditzen naizenean, zeharo hutsik nago eta, aldiberean, inoiz ez bezala betea, maite duzun norbaitekin amodioa egin duzunean bezala. Ezerk ezin dizu kalterik egin, ezin da ezer gertatu, ezerk ez du ezer esan nahi hurrengo egunera arte, berriz idazteko unea heltzen den arte. Biharamunera arte itxarotea zaila da.

Ernest Hemingway Idahoko Sun Valleyn, 1940. urtean

George Plimpton: Darabilzun proiektua burutik kendu dezakezu idazmakinaren aurrean ez zaudenean?

Ernest Hemingway: Noski. Baina horretarako diziplina behar da, eta diziplina hori ikasi egin behar da. Hala behar du.

George Plimpton: Berridazten duzu irakurri ahala aurreko egunean utzi zenuen lekura arte? Edo hori geroago dator, dena amaitua dagoenean?

Ernest Hemingway: Egunero berridatzi egiten dut aurreko egunean gelditu nintzen punturaino. Dena bukatuta dagoenean, jakina, berriz aztertu egiten dut. Beste aukera bat duzu zuzentzeko eta berridazteko beste norbaitek mekanografiatu duenean eta makinaz garbi idatzita ikusten duzunean. Azken aukera galeradetan duzu. Esker oneko sentitzen naiz aukera hauengatik guztiengatik.

George Plimpton: Zenbat berridazten duzu?

Ernest Hemingway: Segun eta zer den. Farewell to Armsen amaiera, azken orria, hogeita hemeretzi aldiz berridatzi nuen pozik geratu aurretik.

George Plimpton: Arazo teknikoren bat egon zen? Zer zen hainbeste lan eman zizuna?

Ernest Hemingway: Hitz egokiak aurkitzea.

George Plimpton: Berrirakurketa da erregaia ematen dizuna? 

Ernest Hemingway: Berrirakurketak jarraitu behar duzun puntuan jartzen zaitu berriro, horraino lortu dezakezun testurik onena dela jakinda. Beti dago erregaia nonbait (…).

Deabruaren eskola

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude