Hitzetatik harago JHM-Sara Biltzarra-mintzanet

‘Hitzetatik harago’ eta ‘Bixente’ liburuak aurkeztu dituzte Mintzaneteko erabiltzaileek Sarako Idazleen Biltzarrean

Apirilaren 10ean eta 11n ospatu dute 2023ko Sarako Idazleen Biltzarra, herriko kiroldegian, eta ohi bezala, Euskal Herriko idazleak eta argitaletxeak bildu dira bertan. Ehundik gora idazle gerturatu dira eta 22 berritasun aurkeztu dituzte, tartean, Mintzanet egitasmoko lagunen Hitzetatik harago eta Bixente liburuak.

Angeluko (Lapurdi) Zortziko argitaletxeak argitaratua, Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualeko kideen ekarpenaren ondorio da Hitzetatik harago bilduma, Ainara Maia Urroz partaide irundarrak Saran bertan aurkeztutakoa. Elkartearen bigarren urteurrenaren ospakizuna Korrikaren 22. edizioarekin uztartu zuten 2022ko apirilaren 3an, eta horretarako, online saio berezia atondu zuten ZOOM plataforma bidez. “Hitzekin”, Korrikaren leloa bere eginez, kide bakoitzak gogokoen duen euskarazko hitz bat hautatu eta testu bat sortu zuen, hura zergatik aukeratu duen azalduz. Eta orain, bilduma osatuta, liburu forma eman diote.

Mintzanet egitasmoko proiektu-burua den Ritxi Lizartzaren hitzak irakur daitezke hitzaurrean, eta proiektua ezagutzeko aukera egongo da, izan ere, ezin ahaztu dezakegu, mundu osoko Mintzaneteko erabiltzaileek bultzatutako elkartea dela JHM, mintzapraktika talde handian egiteko asmoz sortutakoa. Asisko Urmenetak eginiko ilustrazioa ikus daiteke azalean, eta Hitzetatik harago-ren orrietan barrena, hitzak aurkituko ditugu, bakoitzari dagokion azalpen testuarekin eta elkartekide diren Txaro Diezen eta Andrea Bellaren marrazkiekin apainduta.

Azkenik, Maiaren eskutik, gibel solasa. Liburuarekin batera, “hitzekin” sortutako testuen eta taldeko bertsozaleek (Ani, Oier, Todor, Andrea eta Andoni) egindako bertsoen audioez osaturiko CD bat ere oparituko dute. Azken honen egilea, Jabi Amadoz kidea da. 

Bixente ipuin-liburua, bestetik, Raul Alfaro ‘Falu’ Mintzaneteko erabiltzaile eta lagun handiak idatzi du. Otsagabiako artzain gaztetxo bat du sorkuntzak protagonista: “Bixentek eguneroko bat idazten zuen, eta ondorengoei bere ondarerik handiena, euskara, transmititu zien, nahiz eta Nafarroako Erriberan bizi”.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude