Miriam Varona-Mintzanet bere ahotan

Miriam Varona, bidelaria: “Jariotasunean asko aurreratu dut. Beldurra kendu diot euskarari”

Gasteiztarra da Miriam Varona (1993). Erizaina lanbidez, abenturazalea arimaz. Motxila hartuta bidaiatzea du gustuko, dantzatzea, lagunekin zein familia giroan. Txikitan hasi zen euskara ikasten, baina batxilergoa gaztelaniaz egin eta unibertsitate garaian harremana berreskuratzeko saiakerak egin bazituen ere, ez zuen lortu. Mintzanet egitasmoa ezagutu duen arte.

Euskara “oso gutxi, ezer ez esateagatik” erabiltzen den inguruan bizi da, eta C1 mailako azterketa gainditzeko praktikatu beharrak bultzatuta, sarera jo zuen, era bateko zein besteko egitasmoak aurkitzeko asmoz: “Google-en bilatu nuen mintzapraktika egiteko aukerarik ote zegoen, eta berehala Mintzanet agertu zitzaidan. Aurkitu nituen guztietan onena iruditu zitzaidan, dudarik gabe. Oso erosoa da”.

Izena eman eta berehala elkartu genuen Miriam mintzakide batekin. Urtebetez aritu da bidelagun bilbotarrarekin whatsapp bidezko bideo deien bitartez saioak egiten -lehenago beste kide bat ere izan zuen-, eta hari eskertuta azaldu zaigu: “Oso ondo bideratzen nau, eta oso jatorra da. Euskara maite du, eta nabaritzen da. Beti neure ordutegietara moldatzen da. Zorte handia izan dut”.

Behin C1 mailako azterketa gaindituta, ez dio euskaraz hitz egiteari utzi, izan ere, “gustua hartu” diola aitortu digu: “Jariotasunean asko aurreratu dut. Beldurra kendu diot euskarari”. Eta praktikatzeko gogoa ere ez zaio itzali. Maila bereko mintzakide batekin elkartzeko eskaera egin, eta hala egin dugu. Gaur bertan ekingo diote saioei. “Euskara niretzat neure herriko hizkuntza da, eta harro sentitzen naiz”.

You Might Also Like

One thought on “Miriam Varona, bidelaria: “Jariotasunean asko aurreratu dut. Beldurra kendu diot euskarari”

  1. Miriam, zorionak zure ahalegin guztiengatik! Ni askoz maila baxuagoan nago, euskara bakarrik ikasten hasi nintzen, eta pixkanaka aurrera egiten ari naiz. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit, frantses irakaslea naiz. Agur bero bat, gero arte!

Utzi erantzuna Christophe(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude