Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon elkartzeko deia luzatu du. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik, eta Bilboko udaletxean egingo dute amaiera-ekitaldia.
Euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertzeko asmoz, Euskalgintzaren Kontseiluak “azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko eta euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko” manifestaziora deitu ditu euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak, eta oro har, “hizkuntza-aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiak”.
Adierazi dutenez, “manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak”. Hala, Bilboko Euskalduna Jauregiaren atarian hasiko dute ekimena, 17:00etan, eta udaletxean egingo dute amaiera-ekitaldia.
Kaleak betetzeko deia
Euskararen kontra egindako sententziak isolatuak ez direla salatuz, botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra direla ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak: oldarraldi bat, alegia: “Sententzia guztien elementu komun bat dute: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”.
Bilboko kaleak betetzeko deiarekin bat, sareetan ere manifestazioaren zabalpena egiteko eskatu dute antolatzaileek, #A4DenokBilbora edota #EuskararekinBat traolak erabiliz: “Ekarpen oro ongi etorria izango da. Denon artean egingo dugu!”.
Deialdiari buruzko informazio osatua eta materialak eskuragarri dituzue, HEMEN.