V. Mintzanet Sariak: bidelariak eta bidelagunak elkartzeko aitzakia

Ainara Maia (Irun, 1976), Peio Duzan (Frantziako Tolosa-Estrasburgo, 1985) eta Joxe Mari Allur (Lazkao, 1944) izan ziren Mintzanet Eguneko protagonistak. Donostiako Tabakalerako Kutxa Plazan eman genituen V. Mintzanet Sariak. Ekitaldi xumea eta hunkigarria izan zen.

Ritxi Lizartzak, proiektu buruak, eman zion hasiera sari banaketari eta Mintzaneten inguruko datuak azaldu zituen: “Ia 9.000 saio egin dira eta, bost urte hauetan, 29.000 izan dira guztira”.

Ainara Maia izan da aurtengo Bidelagun Onena “bikotekidearekin hain ondo konpontzeagatik, hainbeste laguntzeagatik eta proiektua zabaltzeko beti prest egoteagatik”.

Cristina Tapia, Ainara Maia eta Ainara Loiarte
Cristina Tapia, Ainara Maia eta Ainara Loiarte

María Begoña Tisera argentinarra da Maiaren bidelaria eta bere konpromisoa eskertzeko bideo bat prestatu zion.

Bidelari Onenaren saria Peio Duzanek jaso zuen. Berak ez zeukan harremanik euskararekin, baina bat-batean hizkuntzarekin maitemindu zen eta ikasten hasi zen. “Bere esfortzuagatik, prestutasunagatik eta euskararen alde egunero egiten duen lanagatik” jaso zuen saria.

Peio pantailaren beste aldean egon zen eta prestatu zuen diskurtso hunkigarria irakurri zuen: “Beti galdetzen didate: «Nola ikasi duzu euskaraz? Ikastolan? Familiarekin? AEKekin?» Eta nik erantzuten dut: «Bakarrik»… Baina ez da egia.. Mintzanetekin euskara ikasten dut. Eskerrik asko Mintzanet! Egia esateko, euskara ikastea ez da erraza, batzuetan oso gogorra da. Baina, merezi du. Altxor bat delako. Gure altxorra. Euskal Herriko harria delako, baina bihotza ere bai! Orain lau hizkuntza hitz egin ditzaket. Agathe, nire alaba txikia, jaio zenean, bihotzez hitz egin nahi nion, eta euskaraz hitz egiten diot. Ez da errazena, baina normala da nirentzat. Hori nork uler dezake? Beharbada, zuek, Mintzaneteko kideak!”.

Bukatzeko, Joxe Mari Allurrek aurtengo Aipamen Berezia jaso zuen: “74 urte ditu eta jo eta ke dabil Argentinako emakume bati eta Basauriko gizon bati laguntzen. Berak adierazi duen indarragatik eta gogoagatik irabazi du aurten saria”.

Joxe Mari Allur (bidelaguna) eta Eduardo Rincón (bidelaria)

Joxe Mari Allur bidelagunari bere bidelariak, Eduardo Rincónek, eman zion saria

Azuleko (Argentina) bere bidelariak, Elisabet Etchegarayk, sorpresa bat prestatu zion eta bere esfortzua bideo baten bidez eskertu zuen.

Gero, saridunak eta Donostiara gerturatu ziren Mintzaneteko beste erabiltzaileak Astoria 7 jatetxera joan ginen bazkaltzera. Memorian gordetzeko egun horietako bat izan zen zuei esker. Eskerrik asko!

Mintzanet taldea
Mintzanet taldea
Mintzanet V. Sariak
Mintzanet V. Sariak
Miren Salaberria, Juani Imaz eta Pilar Iragorri
Miren Salaberria, Juani Imaz eta Pilar Iragorri

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude