Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
(…) Ohi baino gehixeago hitz egin zuen aitak Gabon gauean. Atxilotu egin zutela behin. Duela bi urteko Gabonetan edateari utzi zionetik disimulaturiko benerazioz aditzen diot hitza hartzen duen apurretan, agian zerbait esango duelako, inporta duen zerbait, dena argituko lukeen zerbait, ez du inoiz hitzik egin eta zentzu estetiko bat bilatu nahi izan diot ezaugarri horri. Ez genekien. Torturatu egin zutela, beldur handia pasatu zuela. Nolatan ez zigun inoiz ezer esan. “Ezin nuen”. Detaileak eskatu arren ez zizkigun eman. “Ordutik dardara egin zioten eskuek amonari, ez zen Parkinsona, askok pentsatzen zuten moduan”.
Ez dakit zer dagoen “ezin” horren atzean, trauma bat, promesa bat, segurtasun neurri bat, arrastorik ez daukat. Bere aurpegiak ez zuen bestelako informaziorik eskaintzen. Aita oheratu zenean amari galdetu genion atxiloketarena egia ote zen. “Jakina egia dela”. Eta zergatik ez ote ziguten inoiz kontatu galdetzerakoan aitak ez zuela nahi esan zuen, berak ere ez zekiela askoz gehiago.
Hiltzen ari da, badakit. Baina nor ez?
Zertan ari naiz ni, bizitzen ala hiltzen? Egin al daitezke biak batera?
Eraikuntzarako materiala (Susa)
Eider Rodriguez




