Irailak 11-bmi-mintzanet

‘Gizadiaren oren gorenak’ (Stefan Zweig) [Bost minutuko ikastaroa]

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Pasartea

Artista bakar bat ere ez da eguneko hogeita lau orduetan etenik gabe artista. Lortzen duen funtsezko guztia, iraunkor guztia, ohiz kanpoko inspirazio-une bakanetan gertatzen da beti. Era berean, Historia, garai guztietako olerkari eta kontatzailerik garaientzat miresten duguna, ez da inola ere sortzaile atergabea. Jainkoaren lantegi misteriotsu horretan ere, horrela deitzen baitio Goethek begirunez Historiari, gertatzen denaren zatirik handiena axola eta garrantzi gabea izaten da. Bertan ere, artearen eta bizitzaren esparru guztietan bezala.

Oren gorenak, ezin ahantzizkoak, urriak izaten dira. Gehienetan hark, kronikagile gisa, nagi eta nekaezin, lerroan jarri baino ez du egiten, kate ezin handiago batean, gertaeraz gertaera hedatzen dena milaka urte eta urtetan, krisialdi guztiek behar dutelako prestaera-denbora bat, eta egiazko gertaera bakoitzak bilakaera bat. Herri bat osatzen duten milioika jende beharrezkoak dira jenio bat sor dadin; modu berean, milioika ordu alfer igaro behar dira gizadiaren izar-une bat jazo aurretik.

Artearen barrutian, baina, jenio bat sortzen denean, denbora luzean irauten du. Halaber, izar-une bakoitzak hamarraldi eta mendeetan zehar uzten du aztarna. Nola tximistorratz baten puntan egurats osoaren elektrizitatea kontzentratzen den, hala instant horietan eta denbora tarterik estuenean, gertakari andana bat metatzen da. Normalean hurrenez hurrengo eta alboz alboko eran geldiro gertatzen dena konprimitu egiten da, dena mugatu eta dena ebazten duen memento bakar batean; bai bakar batek, ez bakar batek, goizegi batek edo beranduegi batek ehunka belaunaldirentzat ezeztaezin bihurtzen du une hori, norbanako baten zein herri baten bizitza zedarrituz, baita gizaldi osoaren patua ere.

Halako une dramatismoz trinkotu eta halabeharrez ernalduak, zeinetan garaiaren gainetik irautera xedaturiko erabaki bat data bakar batean. Oren bakar batean eta maiz soilik segundo batean konprimitzen den, bakanak izaten dira hala gizabanakoaren bizialdian nola Historiaren ibilbidean. (…)

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude