Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Larunbeko aldarea, Valeriak Larraheri egindako esker oneko eskaintza
Aldareak latinez idatzitako testu bat du, eta emakume batek, Valeria Vitellak, Larrahe jainko baskoiari eskainitako dedikazioa jasotzen du. 2022an aurkitu zen, putzu baten barruan, Doneztebeko Erdi Aroko monasterioko indusketa arkeologikoetan, Arriaundi mendian (Larunbe). Erromatarren garaian jainko eta jainkosa indigenen gurtzaren testigantza da pieza hau.
(…) Hispanian, aldareetan jasotako testu gehienak latinez idatzita daude, eta gurtzen den jainko edo jainkosaren izena eta dedikazioa egiten duen pertsonaren izena agertu ohi dira.
Aldare erromatarrak harrizkoak izaten dira. Erdialdean gorputza dute, eta hor idazten da eskaintza. Oinarria eta goikaldea gorputzetik irteten dira, eta goiko partean focus izeneko zulo txiki bat duen koroa izan ohi dute. Focus horretan egiten ziren sakrifizioak, hau da, ardoa botatzen zen edo barruan intsentsu motaren bat erretzen zen eskaintza gisa.
Larunbeko aldarearen kasuan, Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe izeneko jainko edo jainkosa baskoiari emandako boto bat betetzen dela adierazten da.