Badirudi COVID-19ak eragindako mundu mailako pandemia bukatzear dela. Bi urte daramatzagu osasun-neurri bereziekin. Protokoloak nonahi, herritarren segurtasuna bermatzea lehentasuna izan da erakunde guztientzat. Agertu dira txertoak, eta egoerari buelta ematen ari gara. Zabaldu dituzte mugak, jende-multzoa elkar daiteke dagoeneko, eta toki itxietan musukoa ez da derrigorrezkoa. Baina gizarteak ez du oraindik guztiz birusa gainditu, urte asko emango ditu gure artean, eta beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea. Horregatik, 2020an gertatu bezala, Mintzanet egitasmoko lan-taldeak erabaki zuen zentzuzkoena zela 2021ean Mintzanet Eguna ez ospatzea. Azaroan zen egitekoa, Iruñeko Katakrak aretoan.
2022an, ordea, bai. Azken bi urteetako hutsunea betetzeko asmoz, Mintzanet Eguna bueltan izango dugu, eta Mintzanet Sariak banatuko ditugu: Bidelari eta Bidelagun Onena eta Aipamen Berezia sariak (azken hau aurten bikoitza izango da). Gainera, egitasmoak 10 urte sarean beteko dituela ospatzeko, festa berezia antolatuko dugu, bi hitzorduak batuz, eta 2019az geroztik aurrez aurre ikusterik izan ez ditugun erabiltzaileekin elkartuz, denak espazio berean.
2021ean Joserra Onandia Mintzanet egitasmoko bidelari eta bidelagun historikoari Getxoko Udalak emandako Argia Ereiten Euskara Sariaren galan lehen hartu-emana izan genuen 2022ko Mintzanet Eguna hirian ospatzeko aukera baloratuz. Eta halaxe izango da: abenduaren 3an egingo dugu, Euskararen Egunean, Mintzanet jaio zen egunean. Eta udaleko ordezkariekin bildu ostean, zehaztu dugu tokia eta ospakizunaren formatua. Euskaraldia bukatu eta segidan izango da, Euskararen Urtea borobilduz (martxoan Korrika ere ospatu da). Hitzordua Romo Kultur Etxean izango da.
Getxon ekitaldi honek zentralitatea hartuko du, eta herrian programatutako beste ekitaldiak ere egunarekin lotuko dira nagusiki. Bertako instituzioez gain, dagoen euskalgintza mugimendu aberatsa inplikatzea izango du xede Mintzanet sarien inguruko egunak eta ekitaldiak.
Euskaraz jarduteko aukera ez duten pertsonek etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua izan dezaten du Mintzanetek helburu, eta egitasmoaren arimari helduz, itxialdi garaian proiektuak harrera beroa izan zuen: hainbat erabiltzailek plataforma digitalek ahalbidetutako topaketa birtualak egin zituzten, euskarak mugarik ez duela erakutsiz. Eta guk,distantzia eta bakartze linguistikoari aurre egiteko egindako ahalegina eskertu nahiko diegu 2022an, Mintzaneten 10. urteurrenean, parte hartzaile guztiei, ez baitira urte errazak izaten ari.
- NOIZ: abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Mintzanet jaio zen egunean.
- NON: Romo Kultur Etxean (Getxo) izango da
- BAZKARIA: menuak 20-25 euro balioko ditu, eta mesedez, eskudirutan ekartzea eskatu nahi genizueke
EMAN IZENA ONDOKO FORMULARIOAN:
https://labur.eus/MINTZANETEGUNA2022
One thought on “Mintzanet Eguna bueltan da!”