Azaroak 5-bmi-mintzanet

‘Ote’ partikula [Bost minutuko kastaroa]

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

ote

Hiztunak, galderetan, zalantza adierazteko (edo hura azpimarratzeko) erabiltzen duen partikula da. Aditz laguntzailearen eta era trinkoen (→ aditz trinkoak (sintetikoak)) ezkerrean ezartzen da.

Galdera zuzenetan zein zehar-galderetan erabiltzen da. Eginkizuna ez du galdera markatzea, baizik eta zalantza-kutsua eranstea esanari.

Mendebaldean ete forma erabiltzen da, baina Euskaltzaindiak ote gomendatzen du estandarrerako.

Adibideak: Etorri ote da? Zer ikusi ote zuen? Ba ote da hau bezain gauza ederrik? Galdetu daiteke orain ea haren alde ote gauden ala kontra.

Aditza ezabaturik ere erabiltzen da ote: Atsotitz horien hizkera, nongoa ote? Hitz hori, Axularrena ote?

Isildutako aditza sintetikoa bada eta aditzaren baietza bada galdegaia, nahitaezkoa da ba jartzea. *Itxaropenik ote? (> Ba ote itxaropenik? / Itxaropenik ba ote?) [EH]. Bestelakoa da ‘bai ote?’ esapidea. (→ ba-)

Otek, zenbaitetan, hala ere, ez du zalantza adierazten. Gerta liteke:

  • Erabat erretorikoa izatea (ez du erantzunik espero, edo begi-bistako erantzuna du). Zergatik ote naiz honen tontoa?
  • Harridura, enfasia eta ironia adieraztea: Zenbat bertso ez ote zituen jarri Basarrik! Isilduko ote da noizbait…

Sintaktikoki, predikatu batzuekin, -(e)la perpaus baten tokia har dezake otek, <ote… -(e)n> egitura duela: Bera ote den nago. Iruditu zait sartu ote den.

Euskara Batuaren Eskuliburua

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude