Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
bizidun/bizigabe
Kasu-marketan, bizigabeak eta bizidunak modu banatan jokatzen dira leku-denborazko kasuetan, oro har: etxean esaten dugu, baina pertsonarengan (ez *pertsonan).
Gizakiari eta animaliei dagozkienetan erabiltzen dira bizidunekiko atzizkiak (-gan, -gandik, -gana; -en baitan, -en baitarik, -en baitara), ez landareei eta naturari dagozkienetan. Badut konfiantza zugan. Gurasoengan (*gurasoetan) aurkitu dut kontsolamendua. Basoetan (*basoengan) aurkitu dute babesa.
Eskema hori ez da erabat zurruna, ordea, hizkuntzarako bizidun izatea ez baitago hertsiki biologiari loturik. Bizidunen tratamendua har dezake izen batek beste hainbat berezitasunengatik: pertsonifikazioa, sinbolismoa, animismoa… Egokiak dira, esaterako, honelakoak: Mesede handiak jasotzen ditugu Eguzkiarengandik. Gerta litezke bitasunak ere: Ez dago aparteko albisterik taldean / Sinesmen handia dut taldearengan.
Bestalde, izena, biziduna izanik ere, pluralean bizigabe gisa deklinatzen da, baldin taldea, generoa, espeziea edo, oro har, izaera kolektiboa adierazten badu. Emakumeetan / Emakumeen artean, Etxebeste izan da lehena; gizonetan / gizonen artean, berriz, Gartzia. Mutiletatik / Mutilen artetik, Urko hautatu dugu. Nesketan sarriago gertatzen da mutiletan baino. Ume batetik bestera alde handia dago.
Gehiago jakiteko
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (235-237).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (41-42, 162, 464-465).
— ““Norengan” adieraztea: gizonengan, gizonetan”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (83-84).