20220802-Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: Bizidunak eta bizigabeak / Pako Aristi / Dotore baina informal


Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artikulua

Sortzaileen pobrezia

(…) «Hori ez dago ondo!», esaten dizute fermuki guk liburu bakoitzeko %10 kobratzen dugula esplikatzen diedanean. %20 dendariak jasotzen du, %30 banatzaileak, eta %40 argitaletxeak. Eta beren inozotasunean kapitalismoaren funtsa deskubritzen dute, non lana egiten duenak kobratzen duen gutxien, eta lan hori kudeatzen duenak gehien. «Horrek alderantziz behar luke», diote, eta mundu eder bat irudikatzen dut, non idazleok %40 kobratuko genukeen, eta gainontzeko bitartekari guztiek hortik behera. Sortzailearen duintasuna erreibindikatzen denean hori da nik duintasunari jartzen diodan aurpegia.

Esplikatzen diet diruaren banaketa horrek lehen sektoreko langileekin parekatzen gaituela, arrantzaleekin, nekazariekin, zeintzuei produktuak miseria bat ordaintzen dizkieten jatorrian, gero super-merkatuetako prezio hanpatuak aurkitu arte. Portuan kiloa euro bat ordaindu den arraina salmenta postuetan bederatzi kobratzen bada, nora joan da biderkatu den diru hori? Edo 40 zentimo ordaindu den patata kiloa 4,50 eurotan saltzen denean?

Idazten dugunetik irakurlearen eskuetara iristen den arte liburuak bidaia luze bat egiten du. Industriak existentzia fisikoa ematen dio, baina guk testua sortu ez bagenu ez legoke ondorengorik. Sortzailea da kultur adierazpide guztien iturburua, jatorria, genesia. Era guztietako sortzaileak ari direlako lanean existitzen dira liburuak, filmak, antzerkiak, komikiak, diskoak, kontzertuak, bertso-saioak, telesailak, irratietako programak eta abar. Eta, era berean, gu orain sormen lanean ari bagara da aurretik beste sortzaile askok gure hizkuntzan jardun zuelako, auskalo zer baldintza ekonomikotan, amore eman gabe, etsipenari aurre eginez eta, ziur aski, baita etxekoen gaitzespenari ere, edo euren garaiko gizartean serio hartzen ez zituzten harroputzen erdeinuei (…)

Pako Aristi. Zuzeu

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude