Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Edu Lartzangurenek Ugo Mayorren ikerketa baten berri eman digu Berrian. Artikuluaren pasarte batzuk aukeratu ditugu:
Manifestazioetan, ongi; kontzertuetan, adi
Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzaileak beste esperimentu bat egin du jendea pilatzen den lekuetan koronabirusa airez kutsatzeko arriskua zein den aztertzeko. Bilbao Arenan eginiko kontzertu bateko airea aztertu du, eta emaitza kezkagarriak jaso ditu.
Sare sozialetan eman du ikertzaileak esperimentuaren berri. Gogoratu du nazioarteko osasun agintariek gomendatzen dutela areto itxietan CO2 kontzentrazioak ez gainditzea 800ppm maila (milioiko parteak), eta arriskua 1.200 ppm-tik gora sortzen dela.
Neurgailuaren zenbakien arabera, ordea, 1.200 ppm-ko muga hori berehala gainditu zen Bilbo Arenan. Kontzertua hasi eta ordu erdira, 1.300-1.500 mailan zegoen areto barneko airea. «Eta min egiten dit horrek, uste dudalako kultura babestu egin behar dela», idatzi du ikertzaileak.
Emaitzak baieztatzen du ikertzaileak azaroaren 6an egin zuen beste neurketa bat. Kontzertu areto batean 2.744 ppm neurtu zituen orduan. Urrian, beste kontzertu batean, 1100-1250 ppm artean neurtu zituen.
Antzeko neurketak egin zituen bi jatetxetan jangela batean, metroan eta autobus batean. Hogei pertsona baino gutxiago zeuden jatetxean, eta aireztapen egokia bazegoen, baina, halere, 800-900 ppm neurtu zituen. Jatetxe handi batean 1.090 ppm neurtu zituen. Metroan, 1.533 ppm, eta, autobusean, 1.647.
Manifestazioan bost minutuan behin egin zituen neurketak, kale erdian, eta zehaztu zuen berak ez zuela haizerik sumatu. Neurtu zuen kontzentraziorik handiena: 544 ppm.
«Manifestazioan, pertsona bat maskara gabe gertu egotea izan zitekeen kutsatzen arrisku faktore bat. Baina beste guztiak, ez», ondorioztatu zuen Mayorrek.
“izen eman” ez dabil eta ezin da izen eman
Kaixo, Daniel! Bai, webgunea egonkortzen ari gara eta batzuetan huts egiten du izen-emate fitxak. Beraz, izena eman nahi baduzu, idatzi info@mintzanet.net-era mezu bat.
Eskerrik asko, zure zain izango gara!