Mintzaneten inguruko bertsoa sortu du Erika Lagoma bertsolariak

2019ko azaroaren 24an Mintzanet Eguna ospatu genuen Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Egitasmoaren zutabe diren bidelari eta bidelagunak batu, eta ostean, elkarrekin bazkaltzera joan ginen.

Urtero legez, VI. Mintzanet Sariak banatu genituen. Alberto Elejalde gasteiztarra izendatu genuen Bidelagun Onena, eta aldiz, Polonian denbora luzez bizi izan den Igone Leonek jaso zuen Bidelari Onenaren saria. Baden-Badenen (Alemania) bizi den Maider Olarra donostiarrarentzat izan zen Aipamen Berezia.

Egun hartan jasotako sorpresa txiki batekin gatoz oraingoan. Ekitaldiari bukaera emateko, Erika Lagoma bertsolariak Plateruenan elkartutako lagunak txunditu zituen Mintzaneten inguruan sortutako bertsoa bota zuenean, eta momentu hura berreskuratu nahi dugu.

Jarraian duzue Lagomaren bertsoa. Kantuari ekiteko gainera, audio ere baduzue!

Ezagun ditut zenbaezinak
diren hamaika etekin.
Elkar hartuta beste hainbeste
bizi gogo (e)ta ahalegin.
Lide, Marisa, Iñigo, Miren,
Elias edota Fermin,
sortu, maitatu, eztabaidatu,
txirikordatu, hitz egin,
egunik egun euskara gure
bidaidea izan dedin.

Erika Lagoma bertsolariak Plateruenan bertsoa botatzen
Familia argazkia

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude