Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Kukuak huts egin digu aurten: ezin ote dugu ezer egin haren kanta berreskuratzeko? Kazetariaren anekdotatxoa: lagun batek diost azken urteotan apiril-maiatz oro Gipuzkoako Goierriko paraje jakin batean entzun ohi zuela lehenbizikoz kukua… baina 2022 honetan haren arrastorik ez duela. Zorionez oraindik kuku gehiago agertzen da Goierrin baina… zerbait salatu ote digu urteroko hitzordua huts egin digunak? Non, nola, zergatik galdu ote da? Goierrik galdu duen kukuak baino zorte hobea izan du, antza, Ingalaterrako Suffolk eskualdean PJ bataiatu dutenak: zazpigarren urtez segidan itzuli da PJ Afrikako tropikoetatik Ingalaterraraino, Britainia Handiko Ornitologia Elkarteak (British Trust for Ornitology, BTO) maiatz hasieran zabaldu duenez. 2016an harrapatu eta satelitez kontrolatzeko gailu txiker bat ezarri zioten. Geroztik ia etengabe eduki dute lokalizatua, eta horregatik dakite zazpigarrenez bere arrautzak Ingalaterran jartzera itzuli den PJ-k urte horietan 96.000 kilometro egin dituela hegan, Suffolketik Kongora joan eta etorri. Europako kukuaren joan-etorriak bezala, ikertzen ari dira Asiakoarenak; honek ere negua Afrika tropikalean ematen du, udaberri usainarekin bidai ia amaiezina abiatzeko Mongolia, Txina edo Siberiaraino (…). Entzun duzue kukua? Joan den asteazkenetik hasi eta hamabost eguneko tartean kukuak ez badu jotzen… Gure aurrekoen ustez, Ama Birjina Martxoko egunetik (martxoaren 25etik) hasi eta hamabost eguneko tartean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, natura zoratzearen seinale, ez baitzetorren udaberririk. Baina munduaren akaberatik ihes egiteko modurik bazegoen: herriaren usteak zioenez, Andra Mari Martxoko egunetik hasi eta ondorengo hamabost egunetan kukua ageri ez bazen, bederatzi idi pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar omen zen Erromako zubira. |