Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Euskarafobia
Kataluniako Revista de llengua i Dret aldizkariak argitaratu du, abenduko zenbakian, Karolin Breda eta Philipp Kraemer ikertzaile alemaniarrek eginiko azken ikerketa. Aztertu dute zer argudio eta mekanismo erabiltzen dituzten euskarafoboek Interneteko eztabaidetan euskarari zilegitasuna kentzen saiatzeko.
Mundua alderantziz
Sareetako erabiltzaile askok salatu dute euskarafoboen diskurtsoetan «mundua alderantziz» aurkezten dela azken boladan, hau da, gazteleradunak bazterkeriaren biktima balira bezala, nahiz eta errealitatea guztiz kontrakoa den. Ikertzaileek baieztatu egin dute irudipen hori: ondorioztatu dutenez, euskara eta gazteleraren arteko «rolen inbertsioa» erabiltzen da euskarari zilegitasuna kentzeko erabiltzen den diskurtsoaren oinarrian. «Gazteleradunen hizkuntza eskubideak erabiltzen dira mugak jartzeko euskara bultzatzeko aipatzen diren eskubideei».
Ikertzaileen arabera, euskarak berez duen baino askoz pisu eta ahalmen handiagoa balu bezala aurkezten dute, hartu duen lekua zalantzan jartzeko. «Aurkariek aurkezten dute euskara indartsuegi bihurtzen ariko balitz bezala, edo dagoeneko indartsuagoa balitz bezala, gazteleraren aldean».
Egileek azaldu dute euskarafoboen diskurtsoan nola jartzen den behin eta berriz zalantzan euskararen garrantzia eta herritarrari euskaraz jakiteak egiten dion mesedea.
Horrez gain, batuaren eta euskalkien arteko harremana erabiltzen da artifizial gisa aurkezteko hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan erabiltzen den euskara, eta hizkuntzaren historian transmisioa eten den ideia zabaltzeko.
(Azpimarrak gureak dira)