Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Derrigor / derrigorrean / derrigorrez
- Euskara Batuaren Eskuliburuak esaten digu ez dela egokia derrigorrez erabiltzea:
derrigorrez > behartuta
Ez da egokia derrigorrez; hauek dira aukera egokiak: behartuta, beharturik. Erabilgarria da derrigorrean ere, baina Heg. marka du Euskaltzaindiaren Hiztegian (alegia, gaztelaniatikoa dela adierazten du), ez da aldaera nagusia.
Gauza bera gertatzen da derrigor, derrigorrezko eta derrigortu hitzekin: euskara batuan onartuta daude, erabilgarriak dira, baina Heg. markarekin. [EH]
- Elhuyar hiztegiak jasotzen du:
Derrigorrez:
Subentrada de: derrigor
- Ik. behartuta, derrigorrean
- Laudioko Euskarastelehenekoek gomendatzen digute derrigorrean eta derrigor ez erabiltzea, jatorrak ez direlako.
Euskarastelehen: Nahitaez VS Derrigorrez
Ekintza bat kosta ahala kosta egin behar dela adierazteko, modu askotara esan ohi dugu euskaldunok: baitezpada, nahitaez, derrigor, derrigorrean…
Hala ere, azken hamarkadetan baztertu beharreko “derrigorrez” forma nagusitu da. Eta gaizki dagoenez, baztertu behar dugu euskara jasoan ari garenean. Haren ordez “behartuta“, “baitezpada” edo “nahitaez” formak erabili beharko genituzke. “Derrigorrean” eta “derrigor” erabil litezke baina ez dira oso jatorrak, gaztelaniazko “(es) de rigor” formulatik hartuta daudelako: ‘obligado, necesario, indispensable…’ (Real Academia Española).
Labur esanda:
– “Nahitaez“, “behartuta” edo “baitezpada” erabiltzea da egokiena.
– “Derrigorrean” eta “derrigor” ondo daude baina ez erabiltzea aholkatzen da, oso jatorra ez delako (gaztelaniazko “(es) de rigor“) eta horretarako badaudelako bestelako formula egokiagoak euskaraz.
– “Derrigorrez” gaizki dago eta baztertu beharreko formula da.