Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Algoritmoa ere matxista da
Amazon enpresako giza baliabideen kudeaketa adibide moduan erabili zuen Gutierrezek. Azaldu zuenez, Amazonek 2014an adimen artifiziala erabili nahi izan zuen langileak kontratatzeko. «Bertan behera utzi behar izan zuten, konturatu baitziren programak sistematikoki puntuazio hobeak ematen zizkiela gizonei, nahiz eta emakumeen meritu berak izan. Joera historikoa da arrazoia. Programak enpresaren datu baseak zituen oinarri; enpresa horretan, gizonek agintzen zuten», azaldu zuen Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Hau da, algoritmo bidez funtzionatzen duen hautaketa programa batek identifikatzen badu ordura arte gizonek izan dituztela ardurak, hori aintzat hartu beharreko faktore bat dela ulertzen du sistemak, eta horren arabera hartzen ditu erabakiak.
Internet bidezko bilatzaileek ere erabiltzen dituzte algoritmoak, eta horietan ere islatzen dira joera matxistak. «Adimen artifizialak ikasi du emakumeak sukaldeekin lotzen, sarean sukaldeen argazki gehiago daudelako emakumeekin gizonekin baino. Sistemak ez zuen soilik argazki horietan zegoen joera matxista islatu: areagotu ere egin zuen», kontatu zien San Telmo museoan izan zirenei.
Adimen artifiziala audio bidezko «laguntzaileek» ere erabiltzen dute, galderei erantzuteko eta hainbat erabaki hartzeko. Apple enpresaren Siri da horietako bat. Emakume ahotsa du, baina datu base matxistaz hornituta dagoela nabarmendu zuen Gutierrezek: «Duela urte batzuk Siriri esaten bazenion ‘Puta bat zara’, hau erantzuten zizun: ‘Ahalko banu, gorritu egingo nintzateke’. Espero dut ja kenduko zutela erantzun hori».
Mikel Elkoroberezibar Beloki. Berria
Mikel Garciaren artikulu hau ere interesgarria da: Emakume ahotsa, zerbitzari lanerako aproposa