Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Podcasta
Hertzainak
Hertzainak guretzat musika talde bat baino gehiago izan zen, hazi egin ginen pertsona gisa beraiekin, beraien indarrak lagundu zigun nerabezaroan, ikusten bazegoela musika euskaraz egiteko, mundua irudikatzeko, bizitzeko beste era bat.
Hertzainak desberdinak ziren. Beraien letrek bizi genuena kontatzen zuten, kalean ikusten zena baina beste inork kontatzen ez zuena, edo ausartzen ez zena kontatzera. Hertzainak aurretik zihoazen, bidea markatzen, ez zuten jarraitzen kontsignarik, eta horrek ikaragarri erakartzen gintuen. Libreak ziren, zentzu guztietan.
Kontzertu guztietara hurreratzen ginen. Autorik ez genuenean, auto-stopean. Gogoan dut behin bizikletaz ere joan ginela haiek ikustera. Mutrikun jotzen zuten eta Ondarroatik Mutrikura dauden lau kilometro bizikletaz errez egingo genuela uste genuen. Hamasei bat urte izango genituen orduan. Azkenean, gure anaia nagusiak bidean harrapatu eta furgonetan bizikletak eta dena sartu eta eraman gintuen Mutrikura.
Garai hartako gazte iraultzaileontzat ez zegoen hura baino talde erreferentzialagorik. Itoizen bikaintasunaren ostean, Hertzainaken indarra zetorren. Eta beraiekin batera pasa genuen ondo, salatu genuen ontziolen itxiera, gizartearen bihozgabetasuna, Kubako doinuak dantzatu genituen eta hitz egin genuen drogaz, lanaz, maitasunaz, irudimenaz eta ametsez. Amets eroez, Euskal Herri libre ta tropikalaz.
Gorenean zeudenean eta asko kostata, taldea Ondarroako gaztetxera eramatea lortu genuen. Orduan kiroldegiak betetzen zituzten eta gure gaztetxe zaharrera etortzea balentria handia izan zen. Gogoan dut, egun seinalatua zela eta, gure amari eskatu geniola prestatzeko afaria. Hegaluzea saltsa marroian. Guk ez genuen sekula ahaztuko kontzertu hura, eta taldekideek, Josu Zabalaren esanetan, hegaluzea.
Kulturari ez zaio askotan duen garrantzia aitortzen. Maiz esaten da ez duela ezertarako balio. Baina kultura ezinbestekoa da pertsona baten bizitzan. Markatu egiten zaitu. Nik hori neure azalean bizi izan dut. Hertzainak barik ni ez nintzen orain naizena izango. Hertzainakek egin egin ninduen. Haiek gabe, auskalo zer izango nintzen.