Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Ikerne Gabonetako parkean
(…) Jendea mobilizatzeko indar itzela du futbolak. Gero eta handiagoa. Partiden aurretik milaka eta milaka lagun elkartzen dira estadioaren ondoan edo telebistaren aurrean lehia ikusteko. Poztu egingo nintzateke horietako %10, besterik ez, mobilizatuko balira euren eskubide sozialen alde. Batez ere, zale gazteenak: kapitalaren makinerian haragi xehatua direnak eta izango direnak. Sobera eskatzea da? Futbolak pizten duen grina aipatzen dute haren funtzio soziala goresten dutenek. Futbolak ematen duen poza. Futbolzalea naiz, baina ez dut futbola behar zoriontsua-edo izateko.
Arlo guztietara zabaldu zaigu futbola. Emakumezkoek gero eta maiteago dute. Batez ere, neska gazteek. Futbolean egiten hasi dira. Berdintasuna nahi dute jarduera horretan ere. Hala behar du, besterik ez genuen behar. Hala ere, ikusitakoak ikusita, susmoa dut berdintasunaren izenean ez ote diegun ziria sartu: futbola gustatu, maitatu egiten dute, baina azkenean geure esparrura ekarri ditugu, gizonen ustezko balio tradizionalak ordezkatzen dituen kirolera, alegia: indarra, lehia, ahuleziarik eza… Potroak hitzaren ordez obarioak ipini, eta aurrera. Gora egin du, maskulinitate berria lantzeko garai hauetan, ballet eskoletan izena eman duten mutilen kopuruak?
Nire lagunak ez zekien derbia zegoenik. Ezer gutxi ulertzen du futbolari buruz. Areago: kirol horrek ez dio batere ardurarik. Arlo horretan ez du gizaki zakildun heterosexual tipikoaren klixearekin bat egiten. Hori, bizi garen denboran, ez da oso erraza. Ulergarria ere ez. Gizonezko bat, futbolzalea ez dena? Alaba nerabea du lagun horrek. Futbol zalea da neska, eta ezin du ulertu aitak kirol hori gustukoa ez izatea. «Batzuetan ez duzu gizona ematen, andrazkoa ematen duzu», esan zion egun batean, horretaz hizketan ari zirela. Futbola maite ez baduzu, ez zara benetako gizona, antza. Neskato futbolzale batek barneratua eta etxean esana (…)



