Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Malkoak isurtzeraino
Erraldoi eramaileei zaila egiten zaie gona azpiko bizipenak deskribatzea. Haur, heldu eta zaharren begirada eta irribarrea oihalaren atzetik ikustea pribilegioa dela argi diote. Joxepamundak badaki hori, ongi jakin ere.
Behin, Pedro Tres Nueva Etapa orkestrako abeslariari erraldoiaren barnean sartzeko gonbita egin zioten, barnekoa ikusteko. Zezen plazaren inguruan ziren. Erraldoia altxatzen saiatzeko esan, eta hark txintxo obeditu zuen. Joxepamunda goratu bezain pronto, gaiteroa melodia jotzen hasi zen, eta barnekoak ez zuen beste erremediorik izan: aurrera. Dantza bukatuta, hankak dardarka zituela atera zen gona azpitik. Konpartsak aurrera jarraitu zuen gero. Halako batean, kiosko baten ondoan lagun bat ikusi zuten eguzkitarako betaurrekoak jantzita. Tres bera zen, negar batean itota. Urduritasunak bultzaturik isuri zituen malkoak. Ez da 157 urte hauetan erraldoiekin negar egin duen bakarra izan. Ez izanen ere.
Iker Tubia
Berria
http://www.berria.eus/sanferminak17/goodbye.php?testua=15424