Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Pippi Kaltzaluze
Astrid Lindgren idazleak duela 75 urte argitaratu zuen hari buruzko liburua, baina oraindik ere pertsonaia apurtzailea da. Eredugarria da hezitzaile eta guraso askorentzat.
Ezarritako ereduak hausten
Apurtzailea. Hori da Pippi Kaltzaluzeri buruz hitz egitean gehien errepikatzen den hitza. Apurtzailea duela 75 urteko gizartearekin, baina apurtzailea ere gaur egungo egoeran. «Pertsonaia oso interesgarria da. Klasiko bihurtu da, baina klasiko oso modernoa da», azaldu du Yolanda Arrieta idazleak. «Klasikoaren adibidea da: aspaldikoa da, gaur egungo haurrentzat, baina era berean bizi-bizirik dago». Emakumeei buruz ematen duen irudia nabarmendu du Arrietak: «Oso baliagarria da neskentzat, ezohikoa delako: librea da, ausarta, bere buruaren jabe, indartsua, abenturazalea, alaia eta zoriontsua».
Idoia Arraiza hezitzailea eta Bilgune Feministako kidea da, eta hezkidetzan aditua. Berak ere transgresoretzat du Pippi Kaltzaluze, eta transgresioak jarraitzen duela agerian utzi du Pippiren aurrean egungo gizartearen ispilua jarrita. Azken hamarkadetako feminitate ereduarekin alderatu du pertsonaia ilegorria. Lehenik itxura: «Politak eta lirainak izan behar dugula esaten digute, eta Pippi ez da kezkatzen bere itxurarengatik: praktikotasuna lehenesten du janzkeran». Bigarrenik, txintxoak izateko esaten zaie neskei: «Eredu horren aurrean, Pippi neska ausarta eta abenturazalea da; beti ari da esploratzen, ikasten eta probatzen inolako beldurrik gabe». Ez hori bakarrik: «Desobedientzia eredu bat da, feminitatearen ereduarekiko eta baita helduekiko ere».
Gailentzen den feminitate ereduak maitasuna jartzen du emakumeen bizitzen erdigunean, Disneyko printze urdinaren esperoan egoteko irakasten zaie neskei, eta hori ere hausten du Pippik. «Oso pertsona independente eta autonomoa da. Bakarrik bizi da, eta bakartasun horretan pozik dago beti. Tira, bakarrik, tximuarekin eta zaldiarekin bizi da: horrek erakusten du ez duela mutilekiko interes berezirik, eta beste familia eredu bat irudikatzen du, horiek direlako bere familia». Azken finean, ez da beste inorentzat bizi: «Aske eta zoriontsu izatea da bere lehentasuna, eta beste ezerk ez dio hori baldintzatzen», esan du Arraizak.
Lotsa da ezarritako beste ezaugarri bat: «Emakumeoi kostatzen zaigu publikoki hitz egitea edo espazio fisikoak hartzea, eta badirudi izaerari lotuta dagoela, neskak lotsatiak direla. Baina hori ere generoak baldintzatutako zerbait da». Lindgrenen pertsonaiak hori ere iraultzen du: «Pippi lotsagabea da: pentsatzen duen guztia esaten du eta sudur puntan jartzen zaiona egiten du; berdin zaio besteek zer pentsatzen duten. Oso protagonista da». Azken ezaugarria emozioei lotuta dago: neskak sentiberatzat eta ahultzat hartzen ditu gizarteak. «Pippik indar handia dauka. Ez du bere sentiberatasuna ukatzen, baina emozio guztiak biltzen ditu, haserrea barne». Horri loturik, umorea ere ageri da(…)